XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Negarretan nagoenean ez zait libururik irakurtzea gustatzen, bestela bai.

Begiak lanbrotuta zelan hizkiak irakurri? Ezin da, letrak malkoen ur gezaletan itotzen dira eta. Eta gero eta gogo handiagoa daukat negar egiteko etxeko giro eskasa ikusita.

Itogarria da, eta liburuetako istorioetan bilatzen dut kontsolamendua. Beraz, logelan sartu eta irakurtzeari ekiten diot, beldurra uxatu eta negarrari ez emateko.

Berba potoloak dituzten liburu laburrak ditut nahiago, luzeak eta luparekin irakurri beharrekoak baino.

Denbora piloa egiten dut irakurtzen eta martxa honetan segitzen badut, betaurrekoak erabili beharko ditudala esan dit amak.

Baina ni ez naiz nekatzen. Ikaragarri dibertitzen naiz irakurtzen. Bizi egiten ditut liburuetako istorio-misterioak.

Amak kalera jolasten joateko esaten dit askotan.

Izango dudala gero ere irakurtzeko betarik. Lagunak egiteko eta haiekin ibiltzeko tematzen zait. Eta, egon, egoten naiz haiekin, baina gogaitu ere, guztiz gogaitzen naiz.

Ikastolako atsedenaldietan lagunartean ibili ohi naiz, eta badut adiskide on bat edo beste.

Liburuak irakurtzea gustatzen zaidala niri esaten diet, eta mutur tximurtuarekin begiratzen didate.

Haiek nahiago dute gozokiak jan edota beren gauzetaz berba egiten jardun. Liburuak astun eta aspergarri egiten baizaizkie.